2011/03/29

Patarroyok txertoak garatzeko metodologia bat aurkeztu du

Txerto sintetikoak egiteko metodologia bat argitaratu du Manuel Elko Patarroyo zientzialari ezagunak, Chemical Reviews aldizkarian. Berez, artikuluak urteetan egindako lana biltzen du, eta malariatik babesteko txerto sintetikoa garatzeko pausoak azaltzen ditu, nahiz eta izenburuan ez den gaixotasun jakinik aipatzen (Structural and Immunological Principles Leading to Chemically Synthesized, Multiantigenic, Multistage, Minimal Subunit-Based Vaccine Development da lanaren izenburua).
Izatez, malaria eragiten duen bizkarroiaren zati baten bertsio sintetikoa da deskribatutako txertoaren oinarria. Zati hori gakoa da infekzioan, eta bizkarroiaren aldaera genetiko guztiek dute; hala, aldaera guztien aurrean da eraginkorra txertoa. Hori oso da garrantzitsua, aldaeretako batzuk erresistenteak baitira gaur egun dauden tratamendu nagusiekiko. Gainera, tximinoetan egindako probetan, eraginkortasun ia erabatekoa erakutsi du txertoak.
Are gehiago, artikuluaren amaieran Patarroyok eta haren taldekideek aipatzen dutenez, metodologia baliagarria izan daiteke beste gaixotasun infekziosoetatik babesteko txertoak egiteko.
Hain zuzen, horixe azpimarratu dute artikuluaren berri eman duten komunikabide gehienek; alegia, gaixotasun infekziosoen aurka txerto sintetikoak egiteko errezeta moduko bat aurkitu duela Patarroyok. Hala ere, argitaratzeak gaztelaniazko komunikabideetan baino ez du izan oihartzuna; gainerakoetan, aipatu ere ez dute egin. Aditu askok ere zuhurtziaz hartu dute; izan ere, oraingoz malariaren aurkakoa bakarrik egin dute, eta ez dute pertsonetan probatu. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario